Joseba Iraola eta Sheila Lafuente II. Goilurrak Rallyko irabazleak

Duela 15 egun Zamudioko Rallyan nabarmendu ziren, eta oraingoan lanak errematatu zituzten Joseba Iraolak eta Sheila Lafuentek Porsche 997 GT3arekin Goilurrak Rallya irabazita, RACVN Rallycar Euskal Txapelketaren bigarren edizioan.

Proba dotore abiarazi zuten Ikullu Razingek eta Errebueltie MKK-k, erronka gogorra bazen ere, bai proba taxutzea bera, bai COVID-19ak dakartzan osasun neurri eta protokolo guztiak errespetatzeak eta betearazteak dakartzaten lan gehigarri guztiak gauzatzea. Eta erronka nota bikainarekin gainditu zuten.

Erronka horren zati bat rallyaren oinarria Olaberriako zirkuitura lekualdatzeko beharra izan zen, aparkalekurako sarbidea uneoro kudeatuta tenperatura hartuz, distantziak zainduz eta maskara janztea kontrolatuz, eta, horrez gain, ikusleei pasatzea eragotziz.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da lasterketa-tarteetan ikusleen portaera ona, maskarak egoki jantzita, segurtasun-karabanako autoek zuzendu zituzten salbuespen batzuk izan ezik.

Kirol arloan, Iraola eta Lafuente Mandubian hasi ziren scratch-a markatzen, Saizar eta Aginagaren aurretik Peugeot 207arekin; igaroaldi horretan, pilotu asko kexatu ziren asfaltoa irristakorra zegoelako.

Lehenengo jardunaldia Endoiako zatiarekin itxi zen. Rally-tarte ikusgarri horretan, taldeek beste inork ez bezala gozatu zuten, eta rallyko lehen ustekabea gertatzen zen. Iván Muñozek eta Ibai Ajuriagoikoak utzi egin behar izan zuten lasterketa, erradiadoreko haizagailu bat hautsita. Zorionez, laguntza gunean arazoa konpondu ahal izan zuten, eta igandean super-rally klasean irten ahal izan ziren. Endoian bertan, baina bigarren igaroaldian, Gorka Antxustegik eta Xabar Urrestik ere erretiratu beharra izan zuten, AX F1aren motorrean matxura bat izan baitzuten.

Horiek horrela, eta Asturiasetik Peugeot 205arekin etorritako Manuel Mora eta Iván Bajo gogor ibili ziren arren, zaletuak gozarazteko gidaritza oldarkorrez kronoari kentzeko segundoak irabazita, Joseba Iraola eta Sheila Lafuente garaipena lantzen ari ziren, pixkanaka segundoak metatuz. Igandeko jardunaldirako 22 segundoko aldea zeukaten Mora eta Bajorekiko, eta 30 segundoko aldea Saizar eta Aginagarekiko.

Horrela iritsi zen igandeko jardunaldia, txapelketako zatirik luzeena jokatu zenekoa: erlojuaren aurkako ia 19 kilometro Zerainen, eta ondoren 5 kilometroko beste bat berriro. Tarte horretan, bete-betean irten ziren Iván Muñoz eta Ibai Ajuriagoikoa dagoeneko konpondutako Ford Fiesta N1arekin, eta scratch-a markatu zuten bi igaroaldietan; PowerStagea ematen duten puntuak biltzeko balio izan zien.

Horrela amaitu zen lasterketa, Joseba Iraola eta Sheila Lafuente ongi landutako garaile zirela, Porsche 997 GT3arekin 50 segundoko aldea aterata Peugeot 207a gidatu zuten Aitor Saizarri eta Gorka Aginagari. Hirugarren izan ziren Manuel Mora eta Iván Bajo Peugeot 205 F2000rekin, azken aurreko zatian balazta arazoak izan eta gero.

Klaseka, Joseba Iraola eta Sheila Lafuente izan ziren irabazle Porsche 997 GT3arekin, Gurutz Agirretxek eta Hodei Intxaustik irabazi zuten 5.a BMW M3arekin, 4.ean Manuel Mora eta Iván Bajo izan ziren garaile Peugeot 205 F2000rekin, 3. klasean Iraitz Olariaga eta Mikel Madinabeitia, 2. klasean Gorka Santillana eta Unai Zabalo Renault Clio Sportarekin, eta 1. klasea Mikel eta Ekaitz Kortajarenak irabazi zuten Citroën Saxo VTSarekin.

Mikel Kortajarena izan zen probako juniorrik onena, eta Formula Libreko onenak Ibon Beitia eta Oihane Arizeta izan ziren, BMW E30arekin.

Orain egun batzuetarako atsedena izango da, baina arretarik galdu gabe, abuztuaren 22an itzuliko baikara mendiko txapelketako lehen lasterketarekin: Aiako XIII. Igoera.

Foto Rubén Montori

Publicaciones Similares